JOXE MENDIZABAL MUSIKARIA, ‘ERROMERIA’ PROIEKTUAREN SUSTATZAILEA
“Dantzalditik gertuago nago DJ-tik baino, izan ere, ezagutzen al duzu letra ahazten zaion DJ-rik?
Bizimodua musikatik atera nahi bazuen, argi ikusi zuen Joxe Mendizabalek garai berrietara egokitzea beharrezkoa zela. Akordeoia beti bidelagun duela, ‘Erromeria’ proiektuarekin kale kantoiak, plazak eta aretoak alaitzen ditu.
MARTA SAN SEBASTIAN - Martes, 31 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h
TOLOSA - Betidanik egon zara musikari lotuta?
-Bai, betidanik. Kasualitatez hasi nintzen hamar urterekin akordeoia jotzen, arreba hasi zelako. Zortea izan nuen Isitxo Larrañaga izan nuelako irakasle, niretzat erreferentea, eta asko markatu didan pertsona.
Noiz erabaki zenuen musika lanbide egitea?
-Donostiako kontserbatorioan goi-mailako akordeoi irakasle titulua atera nuen. Orduan Xaximiku folk taldean hasi nintzen jotzen eta irakasle hasi nintzen Isidro Larrañagaren akademian. 19 urterekin hasi eta 19 urte egin nintuen irakasle. Lehenengo erromeri taldea Basajaun izan zen 1989an, eta ondoren izan ziren gehiago. Egan talde historikoa banatu egin zenean Xabier Saldiasen deia jaso nuen, eta lau urte egin nituen Egan-ekin; denbora horretan 550 emanaldi inguru egin genituen, baina nekatuta nengoen.
Irakasle aritu zinen, hainbat musika taldetan ere... Zergatik erabaki zenuen zure kabuz ‘Erromeria’ proiektua martxan jartzea?
-Etapa hura bukatu egin zen; DJ-ak zetozen, eta festaren eta dantzaldiaren gainbehera handia. Errazena beste talde bat sortzea izango zen ziur aski, baina nire bidea egitea erabaki nuen 2000 urtean. Berbena eta gauarekin nekatuta nengoen eta, gainera, ez nuen biderik ikusten. Jatorrira bueltatu nahi nuen, nik bakarrik akordeoiarekin musika egitea. Lehenengo saioa jatetxe batean egin nuen 20 lagunen aurrean eta txaloak jaso nituenean, “orain arte non egon naiz?” pentsatu nuen nire barrurako.
Baina kalera atera nahi zenuen zure proiektua, ezta?
-Garai hartan lan asko egin nuen telebistarako, baina betidanik buruan nuen hura egiteko garaia iritsi zen: ezkontzetan eta jatetxetako emanaldiak egiten nituen, baina formatu hura kalera atera nahi nuen. Nolabat, gutxietsita zegoen tartea zegoela ikusten nuen. Talde handi edo famatua ekartzeko aurrekonturik ez zuten hainbat eragile edo elkarte zeuden, baina produktu duina eskaini nahi zutenak.
Zein da zure eskaintza?
-Hori da gakoa: eskaintza malgua da beti. Haurrak, jubilatuak, ospakizunak... egokitu egiten naiz. Bezeroekin beti elkarlanean ibiltzen naiz; eta eszenatokia handia bada, saiatuko naiz betetzen, baina ez daukat arazorik kale izkin batean jotzeko.
Gehiago betetzen zaitu honek?
-Bai, konplexu guztiak galdu ditut eta oso sentsazio politak ditut orain. Urrezko eztei batean bolero bat jo eta benetako eskerrak jasotzeak, erabat betetzen nau. Bakarrik nabilenez, publikoaren errespatua jaso-tzen dut, enpatia handia.
Zein errepertorio duzu?
-Tokatzen dena jotzen dut. Errepertorio oso zabala daukat, eta egoeraren arabera inprobisatu egiten dut, bestela DJ bat izango nintzateke. Nahiz eta irudiz DJ baten antza dudan, gertuago nago dantzaldi batetik DJ-etik baino, izan ere, ezagutzen al duzu letra ahazten zaio DJ-rik?
Festa asko aldatu da, ezta?
-Ni taldean ibiltzen nintzenean ia inork ez zuen dantza egiten, baina gaur egun jendea dantzan ikusten dut. Eta herri eta festa asko ezagu-tzen ditut! Sinistuna ez naiz, baina santu guztiak ezagutzen ditut. Festak jaitsi egin direnaren sentsazioa daukagu, baina orain barrura begira egiten dira jaiak; bertakoentzat. Lehen festak kanpotik jendea erakartzeko egiten ziren eta jendea asko mugitzen zen.
Eta ezkontzak ere bai...
-Ezkontza asko egin ditugu taldean. Aldaketaren kulpa zati bat jatetxeek ere badute, ez delako berdina bost kideko talde bat sartzea edo tipo bat musika jartzen. Prezioz ere alderik ez dago.
Egin duzun azken proposamena kantu-poteo mugikorra da, ezta?
-Azken urteotan arrakasta handia izaten ari dira elektrotxaranga eta antzerakoak. Jendeak beti galdetzen zidan ea nire emanaldia mugikorra egin zitekeen. Beti galdera bera, eta buruari bueltak ematen hasi nin-tzen. Aitari laguntza eskatu eta karroa eraiki genuen. Jendea harritu egiten da ni bakarrik akordeoiarekin ikustean, ijitoak ahuntzarekin ibiltzen ziren moduan... Segituan esaten diet ez dudala txapela pasako eta giro polita sortzen dugu
Gipuzkoatzen
Gipuzkoako txokoa. Tolosa, bizitza handia duen herria da, eta herritik sortzen da dinamika hori.
Paisaia idilikoa. Jangoain, Aldabatik gora joanda dagoen zelaia, bista ikusgarriak ditu.
Festa edo ospakizuna. Tolosako Iñauterietan niretzat mundua geratu egiten da.
Mendia. Ernio oso gustuko dut.
Hondartza. Kontxa marea baxuarekin gustatzen zait.